XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bihar emango zaio amaiera Gijonen egunotan egiten ari den Aste Beltzari

Eskandinaviako literatura, Latinoamerikako estatu krimena eta komikigintza aztertu dituzte, besteak beste

Erredakzioa / Gijon

JOAN den igandean Bosnia-Herzegovinari buruzko eztabaida batekin hasi ostean, aste honetan egin den Gijongo Aste Beltzak bihar emango du amaitutzat aurtengo jardunaldia.

Aste Beltzaren bederatzigarren ekitaldi honetan eleberri beltza lantzen duten berrogeita hamar idazletik gora bildu dira hainbat eta hainbat mintegi, mahainguru eta jardunalditan.

Gijongo Aste Beltzak, idazleak ezezik, hainbat editore eta kazetari ere biltzen ditu, eta mundu guztian zehar ezaguna egin da urte gutxitan.

Aurten 73 milioiko aurrekontua izan du, aurrekontu nahikoa itxurosoa.

Urtero bezala, ekitaldi ugari antolatu dituzte Aste Beltzaren arduradunek Paco Ignacio Taibo II.a buru dutela.

Aurten, besteak beste, zentsurak komikigintzan izan duen eragina, Eskandinaviako literatura, pertsonaia homosexualek nobela beltzetan duten presentzia, Latinoamerikako estatu krimena eta James Crunley eta James =mCc=lure idazleen obra izan dute aztergai nagusi gisa.

Literatura eta eleberri beltzari buruzko saio horietaz gain, era guztietako ekitaldiak izan dira astearen nolabaiteko osagarri, hala-nola, kantaldiak, jazza, zinema, rock kontzertuak eta abar.

Halaber, bertakoentzat zein bisitarientzat Gijongo Aste Beltza erreferentzia puntu garrantzitsua eta baztertu ezineko jaialdi bihurtu da urterik urte uztaila iristean.

Bihar, sari banaketa egin ostean, amaiera ekitaldia izango da, eta, Taibo II.ak adierazi duenez, denborarik galdu gabe datorren urteko ekitaldia prestatzeari ekingo diote antolatzaileek.

Datorren urtekoa hamargarren ekitaldia izango denez, zerbait berezia, oraindik handiagoa, prestatzeko asmoa dute; eta munduan zehar Gijongo Aste Beltza ezaguna egin bada ere, iritsi ez den leku urrietara iristeko asmoa dute.